XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Goizeko lau eta erdiak aldera jaiki zen bere aulkitik.

Ezin baina zutik egon.

Untzi handienak ere arroken kontra jaurtitzen dituen lemazaina izaten baitaki cachazak.

Bere menpean, nortasun oro berdintzen da beste guztienarekin: lehendabizi atseginaren baltsamoa ekartzen daki, ondoren min guztiak ernetzeko, baita zahar eta ezkutuenak ere; eta azkenik, indargabetu egiten ditu zentzu guztiak, edozein bazterretan gizonik handiena ere balantzen ostean lurrera bota eta lotaratuz.

Sukar horrek eramanda, Joaquimek hondartzara ez baina, Anna Paularen etxera zuzendu zituen danbalako pausoak.

Bazterretako hesietan helduta, eskuak zauritu zitzaizkion txarrantxa uhertuetan.

Bi txakur txiki zaunkari ere irten zitzaizkion bidera, praka barrenetatik hortzaka.

Anna Paularen etxera orroka eta zarataka heltzerako, esna zeuden auzoko gizonezko guztiak.

Creusa amona ere bai.

Anna Paula aldarrika zetorren Joaquim, kokondoen bidean behera.

Zakurrak ugalduta, dozenerdi baziren isildu gabe inguruan zeuzkanak.

Iritsi zenean, alde egiteko agindu zioten auzotarrek Joaquimi, lagatzeko jendea lasai lotan, astegun buruzurian ezin zuela ibili horrela, Itaparica guztia esnatzen.

Anna Paula eta Anna Paula, ez zeukan baina besterik Joaquimek, eta azkenean, lau lagunen artean tiraka eta bultzaka, erdi borrokan eta ahal bezala, eraman zuten zubira.

Haren azpian, urri zetorren erreka, beso bat ere ez zabal eta sakoneran bi atzamar.

Haraxe bota zuten ahuspez, txanpon handi bat bezala.

Txakurrak eta zarata oro isildu egin zen orduan: mozkorra lo geratua zen azkenean, harri kozkor bat bezala.